XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bakearen izenean gerra? POLITIKARIEI aurrea hartuz, Komunitate Autonomoko hiru gotzaiek Madrileko Parlamentu nahiz Senaturako 89ko hauteskunde kanpainan esku hartzea erabaki dute.

Erabaki ausarta Setien, Larrauri eta Larrearena; ausarta bezain arriskutsua.

Hego Euskal Herriaren bake egarriaz askotxo dakiten hiru euskal artzain hauek kontsentsu zabalaren ez horregatik zuzena hautua egin dute, Herri baten, oraindik aske ez den gure Herria eta berezkoa behar lukeen askatasunaz txintik ere aipatu gabe.

Orain dozena bat urte ia, 78an, euskal gotzaien Acción política y violencia izenburupean ezagututako agirian Euskal Herrian genuen egoera zapaltzailearen aurrean biolentzia instituzionalaren kontra gogor ekiten bazen, beste aldekoa, Euskadi Ta Askatasuna erakundearena alegia, ez zuen ahazten.

1981. urtean, Madrileko kalabozoetan polizia espainiarrek Joxe Arregi zizurkildarra lehertu zuten urtean, Leopoldo Calvo Sotelo-ren gobernuari hainbat buruhauste eta tripakomin eragin zion euskal gotzaien pastoral berri batek.

Kontakto sekretuen giropean, Zaragozako koartela hankaz gora atera eta hurrengo egunerako, negoziaketa eta elkar hizketaz mintzo ziren urgentziazko pastoral batean, Madril-Hego Euskal Herria enfrentamenduari irtenbide egoki bezain zuzena bilatu asmoz.

PASTORAL guzti hauek idazten ziren bitartean, eta PSOE gobernu buru zelarik, hortxe ikusi izan ditugu, Estatuaren atzaparrak agerian uzten zituen GAL talde hiltzailea, Bakearen bidezidorra jorratzeko porrot egin duten ahalegin baketsu frango, Konstituzio espainiar honek dituen mugen aitormenak honen 10. urteurrena ospatzen zen bezperan, Setienek Siglo XXIean botatakoak eta Madrilen hainbeste hauts harrotu zituenak, Herri honen Askatasuna eta Bakea, bata bestearekin etorriko direla adierazi ohi duten mila baieztapen... benetako injustizia krudel baten adierazle direnak.

Eta gotzaiek ederki dakiten legez, hauek ezin dira egun batetik bestera, ez ahantzi ez irentsi.

Erronka latza eta arriskugarria egin dutela aipatu dut arestian, otsoak erakutsitako bide eroso eta zabala arriskugarria izan bait daiteke artzaientzat, beren ardiak konturatzeko irentsiak izango bait dira.

Eta errua artzaiena bakarrik.

Gotzai-artzainek jakin badakite otsoak faltsuak izan ohi direla, batzuetan bakarka baina askotan taldeetan erasotzen dutela, kontsentsu zabal edota gose handiaren aitzakiaz ia beti, baina artzainek ardiak euren larruz defendatzen dituzte, ertzain diren heinean bederen.

GALDETU beharko genieke zer irabazten duten edota zer eskaini dieten gotzaiei.

Orain arte konponbidea bi aldeen artean zegoenean eta konponbidea baketsua bezain zuzena izan behar zuenean Joxe Arregi hil zutenei kontsentsu zabalak berriro ere, ez horregatik zuzena zigor ez-etiko bat ezarri dienean.

Melillan isolaturik dagoen presoak ez al du bakerik nahi?.

Ziburuko baserrian egun osoz izkutuan dagoen errefuxiatuak ez al du bakerik nahi? Eta nire amak eta lagunak? Eta ni neronek?.

Baina euskaldun sentitzeak saldukerietan aritzeak suposatu behar al du? Euskaldun gara, eta bakezale, agian ardi beltz, baina zapalduak ere bai.

HAUTESKUNDE atarian gaudenean, eta Estatu espainiarreko gotzaiek hiritargoari esku hartzea soilik eskatu diotenean, Komunitate Autonomoko hiru gotzaien aholkuan ausardia baino belijerantzia handiagoa usaintzen dut.

Bake askatzailearen izenean guztia da bidezko, baita armak isiltzea ere; baina Melillako presoaren edota Ziburuko errefuxiatuak jasaten duen bake isila eta isil-erazia ez da zuzena, ez da onargarria; orain arte Madriletik proposatu zaizkigun kontsentsu zabalaren onespenez bakerako neurriek heriotzera eraman gaitzakete, eraman nahi gaituzte.

Eta ez da zuzena.

Artzainak tronpa daitezke, zeren otsoek engaina bait ditzakete baina gurea bezalako Herri txiki batean denok elkar ezagutzen dugu.

Bakearen izenean gerra odoltsuago bat piztea ez da zaila, elkar hizketen bidez amaitzea ere ez, baina artzainen zakurrek hozka egiten dute, itsutasunean hozkaka bildotsa hil arteraino ari daitezke; artaldea zakurrengandik defendatzen ez dakien artzaina, zer nolako artzain da? Otsoari lana errazten diona, seguraski. XABIER LEKUONA.